![]() |
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
kronika...hotza eta beroa, bizia eta hila, suzkoa eta izotzezkoa, gordina eta xamurra, txuria eta beltza, zigortua eta mimoz zaindutakoa, geldoa eta jaizalea, irekia eta barnerakoia, bikingoa eta modernoa, garestia eta are garestiagoa,.... Islandia horiek guztiak eta deskribatu ezin daitezkeenak ezagutzeko parada izan dugu han igarotako 10 egunetan. Amaigabeko kontraste eder batean.Gure asmoa Danimarkatik ferryz Islandian lurreratzea bazen ere, prezio ordainezinak zirela eta(gerora irlan espero zigunaren seinalea ote?) Copenhagenetik hegazkin bat hartzea pentsatu genuen. Bai eta halaxe egin ere. Irailaren 15ean karabana eta furgoneta Folkecenterren laga ondoren, Copenhageneko aireportu internazionaletik abiatu ginen Islandiako hiriburura. 3 orduko bidaia egin eta erlojuak 2 ordu atzeratu ondoren Reykjavikera ailegatu ginen. Hegazkinetik bertatik ikusten ahal da, lurreratzen ari zaren tokia orain arte ezagututakoaren oso bestelakoa dela. Leihatilatik ikusten zen paisaia oso mingarri egiten zen begietan; arroka bolkanikoak, bizitza bakoa, giro goibela, eremu belztuak... 10 egunetan sarri sentituko genuen sentipena etorri zitzaigun burura, beste planeta bat zapaltzen ari garela. Horregatik ez ginen larregi harritu Neil Amstrong eta Aldrin Spent astronauta ospetsuak ilargira joateko prestakuntzak Islandian egin zituztela jakin genuenean. Aireportuko araketa eta galdeketak atzera utzi ondoren, 40 kilometrotara
zegoen hiribururako bidea hartu genuen bus batean. Eta horrela
paisaiaren itxura hondagarri eta desertuarekin bueltaka hizketan
ailegatu ginen Reykjavikeko gure etxea izango zen Youth Hostal-era. Gure asmoak argitu ondoren, irla osoari buelta ematea deliberatu
genuen eta horretarako kotxea alokatu behar. Halaxe egin genuen
Aurora Boreala ikusi genuen gaua igaro ondorengo goizean. Txundigarria
zerua era horretan ikusi ahal izatea, zinez. Gau “izoztu” bat herrian pasa ondoren Reykhólar-era
abiatu ginen kostaldeko bidetik, hantxe baleak ikusteko aukera
topatuko genuelakoan. Izan ere, berez, guk genituen baleak gertutik
behatzeko gogoak are gehiago piztu zizkigun Danimarkan gaur egun
baleekin duten polemika handia; Gobernuak, “helburu zientifikoak”
argudiatuz, baleak arrantzatzeari berriz ekin diola eta. Horrela,
75 bale hiltzeko baimena emanda urte askotako etenaldia apurtu
egin dute. Besteak beste, gu ailegatu baino egun bat lehenago
Green Peace talde ekologistaren Rainbow Warrior itsasontzi famatua
Islandiako zenbait portutan atrakatuta egon ziren erabaki horri
bere ezetza adierazteko. Gogo handiak bai baina antza baleek gurekin topatu nahi ez eta negura arte berriz ez agertzeko deliberoa hartu zuten eta. Gauzak horrela, iparreko baleak lagunkoiagoak izango zirelakoan Akureyrira abiatu ginen. Gerora, tamalez, konprobatu ahal izan genuen baleak agertzeko prest egonda ere, eguraldiari beti ezetz esateko aukera geratzen zaiola ;-) Akureyrirako bidean ulertu ahal izan genuen zergatik 4x4-ak hain erabiliak diren irla honetan. Haize zakarra, harriak, hautsa, euria.... denetik topatu genuen gure helmugatik bereizten gintuzten 200 gorako kilometro horietan. Ozta-ozta ibili zen gure Corolla gaixuak ibaiak gurutzatzen eta harritzarrak saihesten. Ordu horietan ederki irabazi zuen bere ezizena izango zena“furia gris”. Eta gomendiotxo bat.... Gobernuak “mantendutako” errepideren bat ez den besteren batetik joan ahal izanez gero, zalantzarik ez izan hori hartzeko. Haien egoera ikusita, gaude Gobernuaren errepideen arduradunak ez direla sarri Reykjaviketik irteten. Akureyrira ailegatu eta “Islandian egondako egunetan ohitura”
bilakatuko zena ezagutzera joan ginen askorik pentsatu gabe...
herriko igerileku termaletan kotxearen nekea itotzera, hain zuzen.
Gariren “egun finlandiar bat” kantaren letrak geure
egiteko asmoz. Gaua ere Islandian bitxia da oso. Reykjavikeko asteburuak aski
famatuak dira, geuk aukerarik izan ez genuen gure begiekin konprobatzeko
baina bai Akureyrikoa. Eta esan beharrean gaude, momentuka harrituta
geratu ginela hango gazteek elkar ezagutzeko duten “teknikarekin”.
Detifoss (umeen urjauzia) eta Godafoss(jainkoen urjauzia deitutakoa, katolizismoa Islandiara ailegatzean jainko ‘paganoak’ handik bota omen zituztelako) ikaragarriak bisitatu eta Hofn-eko egurrezko hotel eder batean atsedena hartu ondoren, Vatnajökull, irlako glaziarrik handiena dena, beheko partetik igarotzera abiatu ginen. Paisaia ikaragarria da. Kotxez egiten den ibilbidea askotan 20
km orduko egiteko modukoa da, ikusten ari zarenaz ezertxo ere
ez galtzeko. Mendi elurtuak, izotza nonahi, herrixka galduak,
errekak zirrikitu guztietatik irteten, urjauzi txikiak haien bidea
eginez harri bolkanikoen artean haize zakarraren kontra, laku
txikitxoak eta erraldoiak, hegazti multzo andanak, ardiak hotz
sarkorratik babesten.... eta jenderik ez. Gu bezalako kanpotar
txoro batzuk gain, inor gutxi. Gehienak beroak eskaintzen duen
babesari lotuak egongo ziren eta.. Behin glaziarraren edertasunak atzean utzita hiriburutik oso urrun
geratzen ez den Hveragerdi-rako bidea hartu genuen. Han pentsatuta
baikenuen herrian bertan zegoen “eden” deitutako negutegia
bisitatzea. Bai eta haren ingurutik nahiko hurbil zeuden munduko
geyser guztiei izena ematen dien “Geyser” ospetsua
eta Gullfoss urjauzia. Danimarkara itzuli baino lehenago bi egunak Rejkiavikeko ingurua
hobeto ezagutzeko aprobetxatu genituen. Horrela, islandiarren
erro zahar eta bikingoenak gordetzen dituen Thingvellir herrira
salto egin genuen. Eta han ikusi ahal izan genuen orain dela 1000
urte irlako bikingoen tribu guztiak biltzen ziren lekua, urtean
behin ospatzen zen parlamentuaren kokalekua. Harri baten inguruan
ospatzen zuten historian lehendabiziko parlamentu edo biltzar
antolatua izan zena, euroasiar eta amerikar plaka tektonikoak
talka egiten duten leku berean, lurra bitan zatitzen duen dortsal
Atlantiko deitutakoan hain zuzen. Hurrengo eguna, aldiz, zeozer mugiduagoa egiteko aprobetxatu genuen.
Betiere, goizeko mugimenduaren ostean arratsaldean Blue Lagoon(laku
urdina) ospetsuan zetorkigun relaxaz jakitun izanik. Beraz, batzuk
Islandiako zaldi ederretan ibiltzen ginen bitartean besteak izurdeak
eta hegaztiak itsasontziz behatzera joan ziren. Blue Lagoonen epela gure gorputzetan eramanez, Islandian gure azken gaua izango zena taberna bikingo batean igaro genuen. Herri honek utzi zigun sentsazio onari behar bezalako agur bat egiteko asmoz. Brennivin-ek (heriotza beltza), Islandiako likore tipikoak, lagatako
zapore garratzarekin eta behar beste deskantsatu barik abiatu
ginen Copenhagenera bueltan eramango gintuen hegazkina hartzera.
Gisa honetan eta aireporturako bidean geundela, urrunetik ikusi
ahal izan genuen Keflviken AAEEBBetako itsasontzi-base militarraren
seinaleak. Armadaren presentzia bakarra, irla osoan. Izan ere
Islandia armadarik gabeko herria dugu, NATOren(haien bakailao-gudetan
pisu handiago izateko sartu ziren, antza) partaidea izanik ere.
Gobernuak zenbait saiakera egin badu ere armada nazionala izango
zenari buruzko eztabaida gizartean pizteko, orain arte zorionez,
inolako erantzun onik ez du jaso bikingo gerrazaleen oinordekoak
diren gaur eguneko islandiarrengandik. Eta halaxe, ozta-ozta ailegatu ginen Keflavikeko aireportu internazionalera,
megafoniaz gure hegazkina alde egitear zegoela aditzen genuen
momentuan. Dozenaka leku, sentipen eta kontu bitxi utzi ditugu albo batera testu honetan, zuek larregi ez nekatu aldean, baina benetan Islandiaz gehiago jakiteko interesa (eta dirua) izanez gero, zalantzarik ez izan egun batzuk pasatzera joateko. Ez zaizue damutuko. ekogaia proiektuaIslandia hasiera hasieratik begitandu zitzaigun oso helburu erakargarria,
Europa osoko energi berriztagarrien erabilpenik handiena ematen
delako hain zuzen.
Esan gabe doa, datu hauek Europako eta munduko edozein herrialderentzat lortezinak direla gaur egun. Islandian energia hidroelektrikoa oso garrantzitsua bada ere, geuk hemen gehiago sakonduko dugu beste herrietan hain zabalduta ez dauden beste bi energi iturrietan: geotermikoa eta hidrogenoa. Alde batetik energia geotermikoaren erabilpen masiboa eta txukuna
aipatu behar dugu. Benetan zorte handikoak dira islandiarrak.
Hotza maiuskulaz egiten duen leku batean bizitzen, baldintza ezin
hobeak dituzte lurraren energiaz baliatuz kalefakzio eta ur beroaren
haien behar handiak asetzeko. Gaur egun Islandian erabiltzen den
ur beroaren %100ean zentral geotermikoetatik eratortzen da. Bere
burua autosufizientzia energetikoaren bidean kokatuz eta herriari
oso prezio merkean eskainiz. Zentralak mugimendu geotermiko handia duten eremuetan kokatzen
dira, gehienetan sumendiak oso urrun ez dituztelarik. Beste alde batetik hidrogenoaren erabilera azpimarratuko genuke. Nahiko onartua dago etorkizuneko energi iturri nagusia hidrogenoa izango dela eta bide horretan Islandiak du aitzindaritza gaur egun. Energi berriztagarrien erabileran Islandiak hidrogenoari berebiziko garrantzia ematen dio eta horrela oso plan zehatz eta zorrotza prestatua du hurrengo urteei begira. Idei bat egitearren, plan honen arabera 30 urtetan kotxe gehienak hidrogenoz hornituak izan beharko lirateke. Hidrogenoaren erabilpenaren aldeko idei batzuk:
Izan lezakeen alderik ahulena liteke prozesu honetan elektrizitatea behar dela hidrogenoa bereizteko eta beraz erabat prozesu berriztagarri eta garbia izateko elektrizitate hori beste iturri garbi batetik etorri beharko litzateke. Geuk ikusi ahal izan genuen kasuan, horrela zen, energia geotermikoa erabiltzen zuten. Honatx lekuan lekuko kronikatxoak:
Irlaren iparreko ekialdean dagoen energia estazioa dugu Krafla. Bertan 18 pertsona lan egiten dute Islandian hain hedatuak diren “hot spot”(mugimendu geotermiko handia duen zonaldea) baten erdigunean, famatua den Viti (“infernua”) kraterraren alboan. Egia esan eraikin nagusira ailegatzeko bidean nahiko itxura “infernutarra” ematen du, inguruko lur, zelai eta mendiei darien keak emandako kutsu bereziagatik. 1977an martxan jarri zuten estreneko turbina; gaur egun beste turbina bat lanean dutelarik. Horrela 60 MWko potentzia erdietsi eta 480 GWh ekoizten dute, Keyrievic-eko eremu guztia energiaz hornitzeko adina, alegia. Oso aipatzekoa da baporea xurgatzeko hasierako arazo teknikoez gain, bestelako problema “naturalago” batzuk izan zituztela, erupzioak alegia. Oso zonalde bolkanikoki aktiboan egonik, 1975etik 1984ra artean 9 erupzio pairatu behar izan zituzten. Urte horretatik honera mugimendu sismikoak apaldu egin dira nabarmenki. Era berean energia sortzeko gunea izateaz gain, zentraleko lagunek ez dute horretan gelditu nahi izan eta turistentzako gune moduan prestatu dute ingurunea. Bertan gertutik ezagutu ahal izateko zentralaren gorabehera guztiak, eraikinak bisitatuz, elektrizitatea sortzeko prozesu guztiaz ikasteko... ibilbidea, Islandian egonik nola ez, sauna batean bukatzen delarik. Zentral honen kudeaketaren arduraduna Lansdvirkjun energia entrepresa da. 1965ean hasi zen lanean Islandia osoan energia kopuru handiko industriguneak aurrera ateratzen. Enpresa honen jabegoa horrelaxe banatzen da: %50 Islandiako Estatua, %45 Reykjavik hiria eta %5 Akureyri herriarena da.
Orkuveita Reykjavíkur (Reykjavik Energia) enpresarena den zentral geotermiko handia dugu Islandiako hiriburutik 40 km inguruan mendi artean kokatuta dagoen zentral geotermiko hau. 1965an lanean hasi zen eta Hengill eremuan eraikitako planta hau, Islandian dagoen tenperatura-handienetako zonaldean aurki dezakegu. Eremu bolkaniko baten erdigunean non iparreko aldean Hrómundartindur sumendia dagoen, hain zuzen. Zonalde honen mugimendu sismiko handiaren inguruan idei bat egin dezazuen 1993 eta 1997 artean Richter eskalan 0,5 neurriko 24.000 lurrikara gertatu ziren. “Astindurik” handiena 1998ko ekainean pairatu behar izan zuten, Richter eskalan 5.3 neurrikoa hain zuzen ere. Islandian 20 eta 30 artean dagoen “hot spot” horietako baten eremuan eraikita dago non 1000 metrotan aurki daitekeen lur-azpiko uretan 200 gradutik gorako tenperatura izaten duen. Reykjavik-eko enpresa honek, gaur egun, 26 mila etxebizitza hornitzen
ditu ur-beroaz eta elektrizitatez; urtean 60 miloi litro inguruko
ur beroa haiek prestatutako hodi-sistematik pasatzen delarik.
Munduan eraiki eta martxan dagoen lehendabiziko hidrogeno hornitzailea dugu Reykjavik inguruan kokatuta dagoen hau. Funtzionamendua betiko gasolindegien modukoa da, hidrogenoaz hornitzeko gailuaren itxura aldetiko ezberdintasun batzuk gorabehera. Oso era errez batean, alegia. Hidrogeno hornitzaileaz gain infogunea ere bada. Bertan hidrogenoaren ekoizpena eta Islandiak hidrogenoarekin eta orokorrean, energia berriztagarrien arloan dituen planen inguruko informazio zabala aurki daiteke. Ezin aipatu gabe utzi, Shell multinazionalak daraman azpijokoa.
Halako esperientziekin, edukietan onuragarriak badira, garbi ikusten
da benetako helburua ez dela energi garbiak sortzea baizik eta
dirua mugitzen den norabidean aritzea. Alde batean, haien monopolioa
handitu nahian Irakeko gerraren bultzatzaile eta onuradun ekonomiko
nagusiak edota Nigeriako Ogoni etniakoei eginiko barrabaskeriak
adibidez. Bestean etorkizunaren ardatza izango denaren energia
berriztagarrien “gurdira” igotzen hasiak dira etorkizun
ez oso urrun baterako urteetan bildutako botere ekonomikoa babestu
aldean.
1953an hasi zen lanean Sog ibaian kokatuta dagoen zentral hidroelektriko hau. Hasiera batean bi turbinen bidez 31 MWko potentzia lortzen zuten; gaur egun 1963an hirugarren bat instalatu ondoren 47.7 MWetara pasa delarik. Bi urjauzien parean kokatuta dagoen zentral honek Úlfljótsvant laku ederraren adar batetik lortzen du elektrizitatea lortzeko beharrezko duen uraren indarra. Ïrafoss dugu kokagune natural hartan dauden 3 hidroelektrikoen
artean potentzia handiena lortzen duena bai eta “publiko”ari
begira instalazio txukunenak dituena ere. Gurekin egon zen langileak
ondo erakutsi zigun moduan, eraikinaren gailu, tramankulu bide
eta tunel guztiak deskubrituz Gaur egun ingurune hartako instalazio guztiei izena ematen dien
Sog Power Stations proiektuaren erabateko berrikuntzaren azken
partean dago. Instalazio hauek ere aurretik aipaturiko Lansdvirkjun enpresaren
sareko partaideak dira. |
|
||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
|